XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SORRERA ETA GAZTAROA

Gabriel Maria Aresti Segurola Bilbon jaio zen 1933.eko urriaren 14an. Hortaz, Espainiako gerra zibila hasi zenean, hiru urteko haurra zen bera eta ongi ezagutu zuen gerra ondoko faxismoak euskaldunen aurka erabiliriko errepresio giro latza.

Maila apaleko familian hazi zen. Ama abertzalea zuen; aita, aldiz, frankista izan arren, etxean euskaraz hala-hola zekien bakarra zen. Edonola ere, euskararen galera ez zen familia hartan oso aspaldikoa. Izan ere, Arestiren aitona-amona gehienak euskaldunak ziren, baina Gabriel gazteak ez zuen haien hizkuntz jakiteaz baliatzerik izan, umetan hil zitzaizkion eta.

Gabriel eskolan, behean hirugarrena ezkerretik.

Barroeta Aldamar kalean bizi izan zen, hots, Bilboko portuaren ondoan; zamalari, kamioilari eta garraioarekin loturiko langile mordoa egunero biltzen zen auzunean. Horrek, noski, txikitandik ezagutarazi zizkion gizartearen beheko mailen egoera eta beharginen bizimodua, bere handitasun eta miserien argi-ilunekin. Geroago, Gineako zuren inportazioaz arduratzen zen Compañía Vasco-Africana enpresako zamaketa-arduraduna izan zen eta horrek portuko langileekin are harreman zuzenagoak izateko aukera emango zion.

Ikasketak Bilbon eginak zituen. Hasierakoak Berastegiko Eskoletan, Albiako lorategien aitzinean, Sabino Aranaren jaiotetxearen parean, hain zuzen.

Bere ama Asun Segurolaren ondoan.